XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANTROPOLOGIA.

Iragan egunetan harriturik irakurri ditugu Leioako medikuak eskoletako haurrentzat eratu zuten inkesta zela ta sortu ziren eztabaidak, galderen artean antropologiari zegokion zenbait puntu ikutzen zirelako.

Antropologia, gizona estudiatzeko zientzia denez, lotsagarria izan da politikaz nahasturik eman zaion tratamentua.

Ikerketaren ondorea ezagutu gabe eta gero emango zaion helburuaren berririk jakin gabe, nola daiteke holako ikerketa baterako medikuak gertatu duten inkesta razistatzat hartzea?.

Zer egin behar ez den adierazteko, artikulu hontan ondo deritzat berri labur batzuk ematea, Espainiako irrati eta telebistak agertu dituen bihurkerien ondotik.

Lehen lehenik gogoratu behar garena zera da, odol sailkatzeak lortzeari esker gizonok elkarri ematea kontzegitu zela eta honen bidez bizi asko salbatzeko bidea ekarri.

Karl Landsteiner austriakoa izan zen odol sailak bereiztea deskubritu zuena, gure mende honen hasieretan, eta 1930. urtean Nobel Saria jaso zuenetik zabalkunde handia izan zuen.

Hala ere, baziren inoiz A, B, AB eta O-ren artean elkar hartu ezinezko fenomenoak.

Orduan, Alexander Salomon Kiener izen deiturazko bere ikaslearekin jarraitu zuen plasmen fenomenu horiek xeheki ikertzen eta Macacus Rhesus bezala ezagutzen den tximio mota baten odolari esker lortu zuen gero Rh deituko zen faktorea deskubritzera eta honen bidez odolaldaketen arazoa gainditu.

Gure artean urteak igaroko ziren ikerketa horien berri ezer jakin baino lehen.

Ameriketan eta Inglaterran hemen baino lehen ohartu ziren Rh faktoredun odolaren portzentaiarik tipienak euskaldunen artean aurkitzen zirela.

Ez naiz sartuko hemen portzentaia horien xehetasunekin, baina bai fenomenu horren berriak hemen nola zabaldu ziren adierazi.

Gai honi buruz lehenengoz, nik dakidanez, Inazio Maria Barriola medikuak eman zuen Arantzadi Natur Zientzia Elkarteak antolatutako hitzaldi batean eta Munibe aldizkarian argitaratu zen 1954. urtean.

Handik bost urtera Auñamendi argitaldariak eman zuen M. A. Etxeberriren lana, Aranzadi eta Barandiaranen beste lan batzukin batean.

Baina euskaldun unibertsitariak medizina estudiatzen zuten Unibertsitateetan oraindik ez zen ematen gai honen berririk.

Behar bada, arrazakeriaren aurka zeudenen lana zen gauza horiek isilaraztea, baina bitartean, Euskal Herriko haur asko ta asko gibeleko gaitzez eta buruz ere inoiz elbarrituak sortzen jarraituko zuten, eta inoiz hil ere bai.